XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Xedea rol sozial bati lotuta egoten denez, honen arabera, landu beharreko trebetasunak desberdinak izango dira ikaslegoaren arabera.

Honela, irakasleek trebeak izan behar dute jendaurrean mintzatzeko eta kontratu administratiboak formulatzen dituztenek zehaztasun eta konplexutasun handiko testuak idazteko gertatuta egon behar dute.

Zientzi eta teknologi gaiak erabiltzen dituztenek hizkuntzazkoak ez diren tresnak erabili behar dituzte askotan: formulak eta grafikoak, adibidez.

XBHzko ikastaro baten diseinua ikasleen premien analisitik abiatzen da, baina gero hizkuntz forma konkretu batzuren erabileran eta trebetasun batzuren lanketan gauzatzen da.

Trebetasunek, funtzioek, hizkuntz formek eta gaiari dagozkion edukinek elkarrekin osatzen dute ikastaroaren langaia.

Gero langai hauek jorratzeko, iharduera batzu, h.d. ariketa-multzo egituratu bat prestatzen da.

Multzo honi materiala deituko diogu.

Gure ustez, materialak ikasleen laneko egoeran erabiltzen dutenaren ahalik eta antzekoena behar du izan eta, horregatik, orain arte landu ditugun ikastaroetan (Zientzi gaien irakasleentzako honetaz gainera, Aurrezki Kutxetako enplegatuentzakoa, Udaletako funtzionarientzakoa eta Hezkuntz Administrazioko funtzionarientzakoa) premien analisia in situ egiten dugunean, benetako materiala (gutunak, formularioak, testuak, etab.) biltzen ahalegintzen gara, ariketak haietan oinarrituta prestatzeko.

Esan bezala, aipatutako faktore guztiak konbinatzen ahaleginduz, ariketa-mota desberdinak prestatzen ditugu: testuen irakurketak, diktaketa grafikoak, irakurketa baten ondoren osatu beharreko diagramak, entzuteko grabazioak, loturarik gabeko testu-zatietan oinarritutako idazketak, debateak, simulazioak, arbelean egin beharreko azalpenak, burutze-frogak, ariketa analitikoak, bideo mutuen gidoiak egiteko ariketak, etab.

Gure ikastaroak prestatzeko garaian kontutan izan dugu beste hizkuntza batzu irakasteko erabiltzen den materiala.

Ideia baliagarri asko jaso badugu ere, esan beharra dago zuzen-zuzenean erabil genezakeen material gutxi aurkitu dugula.

Gehienbat ingelesa bigarren hizkuntza gisa ikasi behar duten ikasleentzako materiala aurkitzen da.

Bistan da euskararen egoera ez dela ingelesarena eta gure ikasleak ere ez direla bigarren hizkuntzako ohizko ikasleak.

Beraz, bereziki sortua eta kasu batzutan egokitua da gure ikastaroetan erabiltzen dugun materiala.

Batez ere planteamendu komunikatibo batean oinarritu bagara ere, euskal lexiko berezituaren sorkuntzak planteatzen dituen zalantza ugariak kontutan hartuta, tarteka gai honi buruzko azalpenak eta ariketa analitikoak ere egiten ditugu.

Hiztegiaren aldetik, aldez aurretik hautespena egitea baino nahiago izaten dugu, ikasleen premiekin lotutako gaiak aukeratuz, haietan behar den hiztegia sartzea.

Honen ondorioz, uste dugu hiztegi ugaria lantzen dela eta hau ez dela, ez arruntegia, ez espezializatuegia izaten.

4.- EBALUAZIOA.

Zalantzarik gabe, hizkuntz irakaskuntzaren alderdirik inportante eta zailenetako bat dugu hau.

Inoiz testak bezalako ebaluazio-teknikak erabili baditugu ere, hauen emaitzak ez dira batere argiak, batez ere, planteamendua komunikatiboa denean.

Horren ordez beste gauza bat egin dugu, gure ustez emaitza hobeak eskaintzen dizkiguna eta hauxe da: Gure ustetan, Xede Berezietarako Euskara ikasten duenak aski erraz meneratzen ditu (EGAdunen mailakoa baldin bada) trebetasun pasiboak (entzumena eta irakurmena) eta benetako zailtasunak trebetasun aktiboetan (mintzamena eta idazmena) aurkitzen ditu.

Ikastaroaren helburu nagusia trebetasun aktibo hauetan aurrerapena lortzea (edo aurrerabidean jartzea) da.

Horregatik ikastaroaren hasieratik bertatik, aurkezpen-saiotik, alegia, ikasle bakoitzari lan bat izendatzen zaio ikastaroak irauten duen denboran egiteko: proiektu bat, programazio bat, ariketa-bilduma bat, txosten bat... prestatzea.

Azkeneko egunean lana idatzita ekarri behar du eta, gainera, haren ahozko azalpen bat egin behar du jendaurrean.

Idatzitako lana eta aurkezpena ebaluatzen dira eta, gainera, ikastaroan zehar egindako ariketarik aberatsenetarikoak izaten dira horiek.